""Ohetik jaiki bezain pronto kontatu nahi izan zidan. ""Ba al dakizu zer amets egin dudan bart? Abandonatzen ninduzula; beste emakume batekin elkartzen zinela. Ez nuen ezagutzen, baina jakin badakit ni baino gazteagoa zela. Umeak zurekin gelditzen ziren, noski, eta, ondorioz, etxetik alde egin behar zuena neu nintzen. Pisu konpartitu batera joan nintzen bizitzera"". Irribarre egin nuen, zer bestela: beti egin dit grazia Arantzaren amesgaiztoen zehaztasunak; ni ez naiz sekula akordatzen neureez. ""Eta norekin joaten zinen bizitzera, jakin ba daiteke?"", galdetu nion. ""Nekanerekin. Senarrak utzi berria hura ere"". ""Nekanerekin? Ez duzu apenas ezagutzen ba"". ""Bai, niri ere bitxia iruditu zait. Baina badakizu nolakoak diren ametsak"", erantzun zidan. Haien bien etxebizitza berria deskribatu zidan ondoren, altzariak eta guzti. ""Ba al dakizu, ordea, zerk izorratu ninduen gehien, ametsean? Ez zenidala ezer kontatu zure azkeneko liburuaren eskuizkribua zuzentzen amaitu nuen arte"". Hori egia da: nekez aurkituko dut nire testuen irakurle hoberik, emaztea baino. Une horrek besarkada bat eskatzen zuen, eta besarkatu nuen Arantza, nola ez. ""Nolako gauzak amesten dituzun, neska..."", esan nion belarrira"". Nekanek ez zuen txintik atera: eskua mesanotxerantz luzatu eta beste zigarro bat hartu zuen, eta txiskeroa. Keinu bizkor batez piztu zuen. Trinkoagoa egin zen logelako kea. Isilunea ez zen oso luzea izan. ""Noiz kontatu behar diozu gure artekoa Arantzari?"", bota zidan, espero nuen bezala. ""Laster"", erantzun nion Nekaneri, ""oso laster. Nire azken liburuko kontrazaleko ipuina zuzentzen didan bezain laster"".