...Munduko sorkarien zinezko izatera ezin iritsi denez, sorkari bakoitzaren ordezkorik xinplenak eta erabilgarrienak sortu ditu gizonak: izenak, lumeroak... munduko errealitatea tasatu eta beregisa erabiltzeko. Baina, ez al da nekagarri, inguruko gauzen ederra gozatzeko giza gogoak dituen aukera zoragarri guziak abstrazio huts honetaraino agortu beharra? Bai, putzu bati edo harri bati liluraz begira dagoenarentzat, ez dira deus putzu, harri, edo bat hitzak; eta horrexegatik da nire atsegina ere deustara abstraitu ezinezkoa.(Etziko kontuak atzo)...Beharbada, horrexegatik hartu gaitu Patzikuk begitan euskararen taxidermia hutsera jo izan dugun hizkuntzalariok, bizi garen kulturaren alferrikako hustuketan aritu garelakoan. Eta beharbada arrazoi bera dela eta, ez du fikzio hutsik maite: izanez ere, bere gustoko lekuaz eta giroaz arroztu den fikziokumeak, hainbeste gauza ukatu behar ditu egunaren buruan.... Horregatik ez du Patzikuk, inongo hortzemuga exotikoen premiarik; atarira orduko baitauzka muturraren aurrean bere bihotzeko zeru-lur hondogabeak, berak nahi bezala inork inoiz sentitu, arakatu, gozatu gabeak.(Hitzaurrea, Mikel Olano)