Txantxa. Quick nobela bat ez, baina etxe bat balitz, pertsonaiak toki hauetan topatuko genituzke: -komunean: Elena, GORDEKA zelatagailuen eta zelatarien dendako saltzailea, gaur egungo hiritarren paranoien eta komunikazio faltaren lekukoa. -haurraren gelan: Marta, kazetaria eta ama, Txantxa. Quick bezalako telebista saio kutreen egilea. -langelan: Daniel, goi funtzionarioa eta aita, haurraren jaiotzarekin internet-en babestu eta bakartu dena. -gonbidatuen gelan: Karmelo, familia terapeuta, Martari eta Danieli denboraldi baterako banantzea eta, idatziz -koadernoan- nahiz ahoz -grabagailuan-, beren barrena askatzea gomendatu diena. -logelan: Marga; Marta eta Danielen haurra eta txaleta zaintzeaz arduratzen dena, etxe bat erosterik ez duena, Perejil uharteko konkista pirrikoan parte hartu zuen Pablo José senargai eta txapela berde ohiaren laguntzaz, halabeharrez, bahiketa espres bat prestatu duena. -terrazan: Gabriel, Michelin-eko langilea izandakoa, orain erretiratua eta alargundua, bihotzekoa izan ostean bizitzea erabaki duena, hil arte bizitzea. -sukaldean: Alba, Margaren ama, Carmen eta Lucíaren laguna, arratsaldero, bazkalostean, bat-bi-hiru, bat-bi-hiru, pasiatzera joaten dena eta lagunei bere azken berriak nola eman ez dakiena. Txantxa. Quick nobela bat da, baina baita etxe bat ere, norberaren eta gizartearen trapu zahar -eta berriak- erakusten dituena. Eta atea zabalik dago, zeure tokia bila dezazun, baina jakizu etxean sartu bezain laster hainbat kamera ezkutu zu grabatzen hasiko direla. Dena dela, ongi etorri.