Aurkikuntza berrien erritmoa azkar doanez, diziplina zientifiko dinamiko bat irakastea -hala nola ekologia- erronka handia da. Baina ekologiako irakasleen eta ikasleen erronka are handiagoa da, sistema ekologikoak maila askotan mehatxatzen dituzten ingurumen-arazo premiazkoetan ekologiak duen garrantzia kontuan hartzen badugu. Ikasleak arazo horiek ulertzeko eta konponbideak diseinatzeko hezten saiatzen garenean, ekologiaren alderdi guztiak dira garrantzitsuak. Beraz, ekologiaren hastapenetan azpidiziplina garrantzitsu guztien oinarriak bildu beharko lirateke. San Antonion (Texas), Ecological Society of America elkartearen 1991ko bileran, Paul Risser ekologo ospetsuak arloko kontzeptu garrantzitsuenetan kontzentratzeko erronka bota zien ekologiako irakasleei. Risserrek proposatu zuen kontzeptu nagusietan kontzentratuz gero diziplinaren egitura sendo bat eskainiko geniela ikasleei, gero kontzeptu horien gainean eraikiz joateko.