Lobo Antunesen literatura esplikatzeko esan izan da Célinerekin bukatua zen literatura motatik abiatu zela baina psikoanalisiaren ekarria erantsirik. Lobo Antunesen eleberrien artetik, Gauzen ordena naturala iruditzen zitzaion onena José Cardoso Pires idazleari. Egileak berak ez zuen dudarik, garai hartan: «Hau da idatzi dudan liburu onena; ez, ordea, seguru aski, nire erabatekoa». Kritikarien aldetik harrera ona izan du nazioarte osoan, eta klasiko handien parean jarri dute. New Yorker aldizkariak, esate baterako, honako hau zioen: «Mundu zabaleko idazleen artetik psikologia-erretratugilerik trebeenetako bat». Liburu honetan, gertalekuak hara-hona dabiltza, denbora-aldaketekin bateratsu. Portugal osoa korritzen dute narrazioek, Galiziako mugan (Monção-n) hasi eta hegoaldean (Tavira-n) buka, Afrika hego-ipar zeharkaturik (Johannesburg, Mozambike eta Aljeria). Hala ere, gertakari gehienak Lisboa inguruan kokatzen dira, batez ere pertsonaien umezaroko Benfica auzoan.