EREIN Sivumäärä: 84 sivua Asu: Pehmeäkantinen kirja Julkaisuvuosi: 2008, 07.05.2008 (lisätietoa) Kieli: Espanja
Gutun luzea Anxiok igorri didana. Bat-batean ideia hau etorri zait: eta zein azalpen eman behar du gizakiak ez bada hitzez, lengoaiaren erreinuaren magalean erorita gaudenean? Hitzetan beharbada gordetzen da gizakiaren ezintasuna. Adierazpenak hitzen beharra du. Eta gizakia, Anxio, hitzen gatibu da bere baitan. Baina gizakiak askatasuna lortu zuen hitzen bitartez. Naturatik ihes egin zuen gizakiak hitzen altzora hurbildu zenean, eta lilura baino ez zitzaion sortu: hitza! Eta lilurak harriduraren bidea hartzen du eta hortik aurrera hitzak eraiki du gure eta errealitatearen arteko zubia. Zubia lotura moduan, lotura, lokarria, haurraren eta amaren artean zilbor hesteak eraikitzen duenaren modukoa. Baina paradoxikoa da: sortzearen prozesuan batasun hori apurtzen da. Gizakiak hitzezko eraikuntza -poesia- sortzen duenean ere apurtzen da gizakiaren batasuna. Sentimenduak barne barnekoak dira, eta poesia dute espresio iturri. Hitza da azken finean tresna bat barnekoa eta kanpokoa elkartzeko. Lotura, eta askotan urradura, da gertatzen zaiguna, itsasoaren aparrak harearen gainean ostatua hartzen duenean bezala. Ezin dut irudikatu beste era bat, ni errealitatearekin harremanetan jartzeko. Gizakiaren drama baita berea den hori, barne sentimendua, poemetan argitara ematen duenean, oraina zintzilikatzen duela bizitzarako, eta horixe da niretzat guk, gizakiok, eraikitzen dugun haria, gizaria.